
Amezketarren ezizena euliena, elbiena da. Joxe Mari Otermin amezketarrak egindako liburuetan azaltzen den moduan, baliteke XVIII. mendetik aurrera jada, ezizen hau amezketarrei egokitzea.
Elbien jatorria zein ote da?
NEREA URBIZU
Elbiak, euliak omen dira Amezketakoak. Hori da herritarrek duten goitizena: hasieran goitizen hauek zirikatzeko erabiltzen baziren ere (batzuetan min egiteko), gaur egun umore punttuarekin erabiltzen dira Baina nahigabe bada ere, jatorria non edo zertan duen jakin nahi izaten dugu, ezizenek, nolabaiteko egiazko sekretutxoak, egia mo- dukoak gordetzen baititu bere baitan.
Joxe Mari Otermin amezketarrak egindako herriari buruzko bigarren liburuan (Amezketa, largo y tortuoso camino) dokumentazio asko aurki daiteke honen inguruan ere. Tartean hau kontatzen da: 1831ko uztailan, amezketarren eta albizturtarren arteko pilota partidak jokatu zituzten Lizartzan (aurretik Amezketan jokatu zuten hauek, herritarrak irabazleak izanik). Giro ona izan zen denen artean Lizartzan, baina Albizturko Zulozar zeritzana amezketarrekin zertxobait sartu zen, euliak zirela esanez. Honekin «probokazioa eta ziriketa bilatzen ari zen Albizturko eskalea».
1950ean, berriz ere pilota partidak zeuden frontoian eta jendez lepo zegoen Amezketa. Zaldibiko pilotariak zeuden bertan Amezketakoen kontra aritzeko. Frontoian Zaldibiko gazte batzuk sartu omen ziren garai hartako euli-harrapatzaile tira luze horietako batzuekin. Noski, hemen ere, zirikatzeko erabili zituzten goitizenak, eta amezketarrei iseka egiteko asmoarekin.
Handik gutxira, amezketarrak, argi eta azti oraingoan ere, intsektizida batekin azaldu ziren, «Zaldibiko arkakusoekin bukatzeko». Norgehiagoka gogorra, bai pilotan eta baita kantxatik kanpo ere. Baina ez zen lehiakortasun hau pilotan bakarrik ematen, bertsolaritzan ere bai.
Herri gehienek ezizena dute
Orain urte gutxi arte herri gehienek izengoitia zuten, herritarrak mindu, zirikatu nahi izaten zenetan, eta oso erabilia zen ezizenena. Euliak goitizenarekin amezketarrak pisutsuak, aspergarriak eta nekagarriak zirela adierazi nahiko zen. Gaur egun ez du horrekin zerikusirik inolaz ere, eta litekeena da, Joxe Mari Oterminek dioen moduan, ezizenena «urte gutxian erlikia bat gehiago izatea, aspaldian erabiltzen zena izatea, besterik ez».
Ezizena noiztik, ezin jakin
Ez da erraza jakitea noiztik deitzen zaien euli-elbi amezketarrei, baina ematen duenez, «seguraski, XVIII. mendean dagoeneko bai». Hona, 1908. urtean Euskal Esnalea aldizkarian topatutakoa: Pernando Amezketarra alkatearengana joan zen euli asko zebilela eta. Pernandok hala esan zion alkateari: «Ez al duzu ezer egin behar euli hauen kontra?». Alkateak orduan erantzun: «Hori bakoitzak egin behar du, bakoitzak». «Beraz», erantzun zion Pernandok, «bakoitzak horretarako eskubidea dauka?». «Bai, noski. Lehenengoa ikusten duzun bezain pronto, zas, eta makilaz-edo hil egin ezazu».
Halako batean, euli bat jarri omen zen alkatearen buruan eta Pernandok ez zuen aukerarik galdu: eman egin zion, eta geroztik alkateak ez zion beste inori halako gomendiorik eman.
Dirudienez, Pernando Amezketarrak euliekin lotutako pasarte asko dauzka, baita Alegiako txintxarriekin lotutakoak ere. Hona horietako bat, Antonio Zavalak bildu bezala: «Elbi urte handi batean, alegitarrek pentsatu zuten Amezketara karta bat egitea, esanez amezketarren artaldea besteren terrenuan ibiltzeak etzuela ondo ematen, ta mesede egiteko ardiak bildu ta beren barrutira erretiratzen».
Amezketarrek ez zuten jakin zer erantzun, Pernandorekin hitz egin arte: «Hori erraza da: esaiezue aurrena artalde hortako ardi bakoitzari zintzarri bana jartzeko lepotik zintzilik, eta ekarriko ditugula geure herrira». Amezketarrek hala erantzun zieten alegiarrei.
«San Bartolometik aurrera elbi gutxiago»
Amezketarren sinesmenen artean, honako kontua dago: San Bartolome egunera arte, horma bertikaletan geldirik dauden euliak gora begira daudela, eta San Bartolome egunetik aurrera (abuztuak 24, herriko festak direnean) buruz behera, edo burua lurra aldera. Sinesmen hau Gipuzkoa osoan dago hedatua, «baina jatorria baliteke Amezketan izatea». Amezketarrak elbiak dira, eta Amezketa, berriz, euli-herri. Amezketarrek, San Bartolome egunetik aurrera, euli gutxiago dabilela diote. Euliek, edo, Amezketarrek badiote, hala izango...
############
inkesta
1. Zer sentitzen duzu euli-elbi deitzen dizutenean? Ondo, gaizki hartzen al duzu ezizen hau?
«Beste herrietan bezala, guk eulien ezizena dugu»
Lenengo Telletxea
Amezketarra
1. Normalean elbi inguruko jendeak deitzen digu, hemengoa behar du. Ez dut gaizki hartzen, inolaz ere, komentarioak entzuten dira, broma kutsuarekin beti. Euli pila dago leku guztitan eta esaten da: «Hara, zenbat amezketar dabilen!». Betidanik ezagutu dut izengoiti hori, nahiz eta jatorri jakinik ez dagoen. Beste herrietan bezala daukagu, guk euliena.
«Euliak pelmak dira baina harro daramagu izen hau»
Ainhoa Altuna
amezketarra
1. Ohitura zahar bat da, betidanik ezagutu duguna hemen. Jatorria zein den ez dakit, baina ondo eramaten dut, amezketarrak elbiak gara. Hurbilekoekin erabiltzen dugu, gertuko asuntoa da. Lehen indar gehiago zeukan, orain ez hainbeste. Baina harro erabiltzen dugu, euliak pelmak dira baina harro daramagu izengoiti hau.
«Ez da asmo txarrarekin erabiltzen den goitizena»
Jexus Iñurrita
amezketarra
1. Ez da ezizen txarra edo asmo txarrarekin erabiltzen dena. Onartu egiten dugu izengoiti hau eta broma, joku bezala erabiltzen dugu. Umetan pilota partidak zeuden frontoian eta Joxe Mari Oterminek liburuan kontatzen duen Zaldibiko arkakusoen pasartea ere ezagutu nuen. Broma kutsukoa izan zuen horrek, zirikatzeko, eta barre batzuk egin ziren horrekin.
############
euliari buruzko datu batzuk
Begiak. Intsektuen artean konplexuenetakoak dira, oso bista ona dute euliek. Ez dute betazalik: horregatik batzuetan hankekin begiak azkatzen dituzte, garbiak mantentzeko.
Iletxoak. Gorputza babesten dute iletxoek eta usaindu, sentitu eta zaporea har dezakete. Euliek zapaltzen dutenaren zaporea antzematen dute.
Garbiketa. Eulia uneoro garbitzen da.
Ibiltzerakoan. Azalera biguinetatik ibil daiteke, oinak biguinak eta itsaskorrak dituelako. Horregatik ibil daiteke hormatan.
Funtzioa. Euliak garrantzitsuak dira animalia hilen gorpuen desegitean. Beste animalia askoren elikadura dira. Ezin ukatu, euliak astun xamarrak direla ere.
############
Antzerkia
Titirijai 2008
TOLOSA, - 2008-11-29
Erakusketak
Egutegirako argazki lehiaketako lanak
ANOETA, Abraham Olano kiroldegia - 2008-11-24
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.